IOAR URKIRI ARREITUNANDIA (ELKARRIZKETAREN LEHEN ATALA)

Ioar Urkiri Arreitunandia (Mutriku, 1999) ibilbide luze eta arrakastatsua duen igerilaria da. 2021ko irailetik, 90 gazteren entrenamenduak kudeatzen dituen Ondarru Igeri Taldeko entrenatzailea da. 

1- Ondarru Igeri Taldean hasi zinen. Zein izan da zure ibilbidea?

Bai. Ondarru Igeri Taldean 2006/07 denboraldian hasi nintzen eta 2010/11 denboraldian gero arte bat esan nion taldeari. Ordurarte, gaur egun gure igerilariena den ibilbide berdina jarraitu nuen, hau da, Eskola Kirola-ren programa barruan sartzen diren txapelketa desberdinetan parte hartu, proba desberdinetan norberaren marka hobetzen saiatuz.

2- Momentu paregabeak izan dituzu. Adibidez, 2011 Euskadiko txapelketan, 100 eta 200 libreetan urrezko domina eta 100 bizkarrean zidarrezko domina lortu zenituen. Zer aipatuko zenuke momentu horietaz?

Beti izango da niretzat oroitzapen polita. Hala ere, aitortu beharra daukat momentu horretan aipatu dituzun dominei ez niela benetan duten garrantzia eman. Orain aldiz, entrenatzaile lanetan nabilela, garai batean lortu nuena zein baliotsua izan zen konturatu naiz.

3- Beste momentu ezinhobe bat. 2013 Euskadiko txapelketan, 200 estilo junior mailan eta maila absolutuan bi urrezko domina eta 200 libreetan eta 100 bizkarren zidarrezko beste bi domina lortu zenituen. Zer aipatuko zenuke momentu hartaz?

Beste oroitzapen on bat, une batean neure buruarengan galtzen nenbilen konfidantza berreskuratzen lagundu zidana. Gainontzeko igerilarien maila ere, norberarena bezala, denborarekin hobetzen doa, hortaz, beti goian mantentzea ez da lan erraza. Egoera hori ondo kudeatzea ezinbestekoa da.

4- Zein emaitzekin sentitzen zara bereziki harro?

Orain guztiekin. Lehen agian nire erantzuna ez zen berdina izango eta 2010/11 – 2011/12 denboraldietan Bizkaian, Euskal Herrian eta Espainian lortu nituen emaitzak azpimarratuko nituzke, baina orain, zein ibilbide gogorra izan zen ikusita egin dudan guztiarekin sentitzen naiz harro.

5- Ondarru Igeri Taldetik Eibarreko Igeriketa Taldera jauzi egin zenuen. Zein desberdintasun daude bi taldeen artean?

Hori da, 2011. urteko Irailean Urbat Igeri Taldearen partaide bihurtu nintzen, eta bertan 5 urte zoragarri bizi izan ondoren, igerilari etapari amaiera eman nion. Nire esperientzian oinarrituz, inongo zalantza gabe, bi taldeen artean dagoen desberdintasun handiena entrenamendua da. Metro kantitatea astero: Ondarrun 2-3 KM (4 egun) / Eibarren 5-6 KM (6 egun). Instalazio eta materialari dagokionez: Ondarrun kale 1/15 pertsonentzako, lehorrean entrenatzeko kantxa zati bat, igerirako material ez oso ona. Eibarren kale 2/15 pertsonentzako, lehorrean entrenatzeko gimnasio txikia igerilekuan, igerirako material ona.

6- Nortzuk izan dira zure entrenatzaileak eta zer azpimarratuko zenuke bakoitzarengaitik?

Ondarrun Joan/Maite García eta Eibarren Edu López. Ondarrun teknika on bat erakutsi zidaten eta Eibarren berriz, erresistentzia lantzen.

7- Igeriketa kirol gogorra omen da. Zuen entrenamendu aste normal bat nolako da?

Bai, oso. Kirol hau honela definituko nuke: disziplina.

8- Emakumeen eta igeriketaren artean erlazio estua dago. Nola bizi izan duzu eta nola bizitzen ari zara entrenatzaile bezala, lotura hau?

Emakume bezala aitortu beharra daukat kirol honetan neska/mutilen harremana ezinbestekoa dela. Elkarrekin ondo pasatzen dugu eta garrantzitsu sentitzen gara, beste kirol askotan ez bezala, batera entrenatu eta lehiatzen baitugu.

9- Igeriketaz gain, zein kirol gehiago egiten dituzu?

Ondarru Igeri Taldean nenbilenean atletismo egiten nuen Elgoibarren, baina Eibarrera joan nintzenean utzi egin nuen, egunero entrenatu behar nuenez ez baitzidan denborarik ematen bi kiroletan aritzeko. Gaur egun igerian egiten dut nire kabuz (astelehen eta ostiraletan).

10- Zurekin entrenatzen duten gazteei, zer gomendatuko zenieke?

Konstantzia eta konfidantza. Ezina ekinaren ekinez egina dela diote. Norbere buruarengan konfidantza izatea eta borrokatzea nahi dutena lortzeko, gomendatuko nieke.

Scroll to Top